6. Ondorioak
Familiei laguntzeko politika europarren errealitatea oso anitza da eta aldeak daude herrialdeen edota eskualdeen artean. Hala ere, hiru eredu nagusi bereiz ditzakegu: eskandinaviarra, kontinentala eta mediterraneoa.
Antolakuntza-ereduak eta gastu publikoa
Oro har, gobernuetako antolakuntza-eredu aurreratuenek, familiei laguntzeko politiken kudeaketan, bi elementu uztartzen dituzte: batetik, familien gaineko eskumen zehatzak dituen ministerio bat, eta, bestetik, familia-politikak koordinatu eta zeharkako bihurtzeko agentzia edo organismo arduradun bat. Frantzia eta Suedia dira eremu honetan erreferente nagusiak.
Gastu publikoari dagokionez, Europako errealitateak desberdintasun izugarriak islatzen ditu eta alde asko dago herrialde batetik bestera (baita eskualde batetik bestera ere). Herrialde batzuetan laguntza-profiletan gehiago lantzen da haurtzaroa (adibidez, Irlandan edo Luxenburgon), beste batzuetan gehiago jorratzen da ezintasuna (batez ere herrialde eskandinaviarretan, Norvegia, Finlandia eta Danimarka kasu) eta hirugarren talde batek adineko pertsonei eskaintzen die arreta gehien (esaterako, Italiak, Frantziak eta Austriak).
EAEk, ahalegin absolutuari eta erlatiboari dagokienez (gastua BPGren portzentajean eta gastua per cápita), tarteko posizioa dauka Europako herrialde nagusien artean, nahiz eta barne-banaketa oso desorekatua den, adineko pertsonen (batez ere) eta ezintasunaren (neurri txikiagoan) arreta lantzen baita gehien (bi eremu horietan posizio ertain-altuak izanik), eta, bestetik, haurtzaroari ematen zaion laguntza ratio europarretatik oso urrun dago.
Haurtzaroari dagokionez
Haurtzaroaren esparruan, EAEn baliabideak askoz baxuagoak dira eta oso urrun daude Europar Batasuneko batez besteko estandarretatik. Arrazoi nagusia zera da: ez dago kostuak familientzako etengabeko diru-transferentzia bidez konpentsatzeko eredu unibertsalik, inguruko herrialde askotan bezala, EAEk zerga-sistema erabiltzen baitu batez ere laguntza ekonomikoetarako (Europako erdialdeko eta Eskandinaviako herrialdeek ez bezala).
Beharbada elementu honek sortzen du distantzia gehien familiei laguntzeko euskal sistemaren eta beste herrialde europar batzuetakoaren artean. Izan ere, Europako herrialde gehienek (Belgika, Alemania, Danimarka, Norvegia, Frantzia, Austria, Finlandia, Luxenburgo, Suedia eta abar) familientzako aldizko transferentzia unibertsalak egiten dituzte hilean batez beste 100 eta 150 euro arteko zenbatekoan, gutxienez 18 urtera arte (kasu askotan errentako zerga-kenkari gisa aurreikusten dira familia-egituraren eta senideen arretaren ondoriozko zaintzen esparruan).
Amatasun– eta aitatasun-baimenen harira, Europan amatasun-baimena estatukoaren eta euskaldunaren oso antzekoa da: unibertsala da, %100ean ordaintzen da eta 15 eta 18 aste arteko iraupena dauka (nahiz eta herrialde eskandinaviarretan, Suedian kasu, askoz altuagoa den eta, gainera, baterako erantzukizuna sustatzen duen), eta batez besteko aitatasun-baimena 10 eta 14 egun bitartekoa da, %100ean ordainduta, nahiz eta herrialde guztiek ez duten oraindik aurreikusten.
Edonola ere, EAE kasu horietan batez besteko europarraren barruan badago ere, emandako denborek eztabaida pizten dute. Izan ere, familia europarrek baimenak gutxienez 24 astera igotzeko eskatzen dute.
Seme-alabak zaintzeko orduan laguntza emateko asmoz familien esku jartzen diren baliabide eta zerbitzuei dagokienez, Europako egoera oso anitza da eta, orokorrean (Frantzia, Herbehereak, Belgika edo Austria), uztartu egiten da erkidegoko baliabide formalen (haurreskolak) eta ez formalen (childminding) eskaintza publikoa.
Aitzitik, EAEn ereduaren orientazioa instituzionala da guztiz eta haur-hezkuntzako eskolen (batez ere haurreskolen) sistema apurka-apurka unibertsaltzea sustatzen du bereziki. Horiek, plazen eskaintzan gabeziak dituzten arren (batez ere hiriguneetan), beste herrialde europar batzuen antzeko ordutegia dute (eta, beraz, familien uztartze-arazoak askotan lotura gehiago dute gailentzen diren lan-ordutegiekin, haur-hezkuntzako sistemen ordutegi-zabaltasunarekin baino).
Izan ere, EAEko lan-ordutegien arrazionalitatea birplanteatzen ez bada (askotan egun guztia barne hartzen baitute), uztartze-baliabideen eragina baxuagoa izango da, egungo lan-ordutegiak orokorrean luzeagoak direlako haurtzarora bideratutako baliabide publikoak eskaintzen dituenak baino.
Mendetasunari dagokionez
Mendetasunaren esparruan, Europako egoera oso anitza da herrialdeen eta eskualdeen arabera, bai kostuak konpentsatzeko laguntzei dagokienez, bai laguntzako baliabide eta zerbitzuei dagokienez.
Diru-laguntzen arloan, haurtzaroan gertatzen denaz beste, baimen ordainduak eta kostuak konpentsatzeko laguntzak (adibidez, lanaldi murrizketarako) orokorrean oraindik garatzeke daude eta Europako familia-elkarteetan aldarrikapen nagusietako bat dira.
Arlo honetan, EAE abangoardian dago Europan. Izan ere, senideen mendetasun-egoerei edo osasun-egoera oso larriei aurre egiteko eszedentzia edo lanaldi-murrizketak hartu izanagatik jaso ez diren sarreren konpentsazio partziala arautzen du 177/2010 Dekretuak.
Baliabide eta zerbitzuen arloan ere egoera desberdina da herrialdeen arabera. Herrialde guztiek egiten dute baliabide-eskaintza batez ere erkidegokoa, baina Europako iparraldeko eta erdialdeko herrialdeetan (adibidez, Finlandian, Suedian edo Austrian) gehiago uztartzen dira etxe barruko eta kanpoko arreta-baliabideak.
Edonola ere, laguntza horien indarra aldatu egiten da, orokorrean zerbitzuen doakotasuna ohikoagoa baita Europako iparraldean (Finlandia, Norvegia), eta kontinentearen erdialdean eta hegoaldean, aldiz, erabiltzaileek zerbitzuaren kostua ordaintzen parte hartzen baitute, errentaren arabera (Frantzia, Luxenburgo).
EAEn oro har gehiago garatu dira egoitza-baliabideak eta eguneko zentroak; hala ere, etxeko arreta ere, etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren bidez, nahiko esanguratsua da (eredu eskandinaviarretan baino prestazio baxuagoak dauden arren), kalitate altuko arreta-ratioekin. Erkidego honetan, zehazki, gogotik betetzen da autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legea.